Elixabete Etxanobe

Bizkaia, kultura partekatuko lurraldea

Bizkaiak harrotasunez eta konpromiso-sen sakonaz hartzen du topaketa hau, Europako kultura-aniztasuna goraipatzen duen ospakizuna izateaz gain, aintzat hartzen baitu ondareak duen ahalmena, kohesioa, nortasuna eta benetan partekatutako etorkizuna eragiteko. Abagune aparta da batzen gaituen horren balioa nabarmentzeko: uste osoa izatea ondasun kulturala funtsezkoa dela gure gizarteak hazi, garatu eta sendotu daitezen.

Bizkaia kultura-lurraldea da, eta hala izaten jarraitu nahi du. Lurralde honetan, gure ondarea hedatu, zaindu eta proiektatzen dugu, eta museoek oinarrizko zeregina dute eginkizun kolektibo horretan. Mundu globalizatu honetan, gure nortasunari eustea funtsezko erronka da, eta museoak ezinbesteko aliatuak dira zeregin horretan, oroimenerako, ikerketarako eta zabalkunderako gune diren aldetik.

Horregatik, berriro ere azpimarratu beharra dago nolako garrantzia duten ondareak eta museoek gizarte-kohesiorako zutabe gisa eta etorkizunera begirako ikuspegi berrien sustatzaile gisa. Bizkaia ondare-lurraldea da; izan ere, bertan, gure sustraiak zaintzen ditugu, baina beti aurrera joanez, berrikuntzak eginez eta mundura zabalduz.

Euskararen Etxea, topaketa honen anfitrioia, ikuspegi horren irudi behinena da. Euskarara hurbiltzeko era berritua eskaintzen du, agerian jartzen baitu gure hizkuntza ez dela komunikatzeko bide hutsa, baizik eta mundua ulertzeko eta hari begiratzeko modu berezi bat ere badela. Horixe da haren egiazko balio erantsia: guri gogoraraztea hizkuntza-aniztasuna kultura-aberastasuna dela funtsean. Euskararen etxe honetatik balioa ematen zaio gure nortasun kolektiboaren zutabe nagusietako bati; identifikatu, batu eta munduan bereizgarri egiten gaituen hizkuntzari, alegia.

Bizkaiak museo-aberastasun aparta du. Berrogei museok baino gehiagok askotariko ekosistema osatzen dute, piezaz pieza lurralde honen historia, artea, memoria eta ondarea erakusten dituena. Haietako bakoitzak bere ikuspegi bereizgarria ematen du, eta denek batera kontakizun partekatu bat eraikitzen dute, definitu eta proiektatu egiten gaituena.

EMYA sarien ospakizuna, gainera, Bizkaiko museoentzat bereziki garrantzitsua den urte batean dator gurera. Izan ere, aurten, gure lurraldearentzat funtsezkoak diren bi erakunde handitzeko eta berritzeko proiektuak amaitu dira: Arte Ederren Museoa eta Euskal Museoa. Biak guztiz eraldatuta datoz, garai berrietara egokiturik, baina euren funtsa eta sustraiak osorik gordeta.

Ondo etorri Bizkaira, ondo etorri lurralde honetara, non kulturak benetako pisua baitu; non kultura etorkizunerantz bultzatzen gaituen tranpolintzat hartzen baitugu.

Ondo etorri kultura partekatuko lurralde batera, alegia, innovation through culture lurralde batera.

Elixabete Etxanobe

Bizkaiko ahaldun nagusia

Europako Museoen Foroaren izenean, ongi etorri Bilbora.

Gure bazkide preziatuekin batera, hots, Euskararen Etxea eta Euskararen Interpretazio Zentroa, pozik gaude zuei ongietorria eman eta gure komunitatea berriro biltzeaz.

Konferentzia honek aukera emango digu Europako museoen sektorean egindako berrikuntza ospatzeko eta kontinente osoko zein haragoko lankideen arteko trukea, ikaskuntza eta konexioa ahalbidetuko dituen espazio esanguratsua sortzeko.
Aurten, biziki pozten gaitu Euskararen Interpretazio Zentroan biltzeak, euskal hizkuntzari eta bere ondare biziari eskainitako museo inspiratzailea baita. Europako hizkuntzen eta kulturen arteko lotura gailentzen du eta horrela islatzen ditu, hain zuzen ere, EMYAren muina diren kultura-aniztasuna eta -aberastasuna. Bilbok eta Bizkaiak testuinguru aparta eskaintzen dute gure bilerarako: kultur eszena zirraragarria, berrikuntza arkitektonikoa eta museo dinamikoak.

Amina KRVAVAC

Gatazkek, polarizazioak eta injustizia sozialak markatutako garai honetan, museoek gure gizarteko erakunderik fidagarrienetako bat izaten jarraitzen dute. Aurtengo konferentziak konfiantza horrek dakarren egitekoari eta erantzukizunari buruz kolektiboki hausnartzera gonbidatzen gaitu. Nola erantzuten diote museoek jomuga dituzten errealitateen banaketari eta konplexutasunari? Nola eusten diote beren garrantziari, etikari eta irekitasunari, eta, aldi berean, nola sustatzen dituzte zaintza, elkarrizketa eta erantzukizuna komunitate barruan?
«Disrupting the Museum: Inclusion for All» (Museoa eraldatzen: guztiontzako den museoa) gaiari helduko diogu Bilbon. Horrela, aspalditik ezarritako museo-esparruek ikusten, baloratzen eta gogoratzen dena nola itxuratu duten eta haien mugak non azaleratu diren aztertuko dugu. Elkarrekin aztertuko dugu museoek nola barnera ditzaketen praktika inklusiboagoak, solidarioagoak eta parte-hartzaileagoak, gure gizartearen konplexutasuna hobeto islatzeko, bai iraganean, bai gaur egun.
Europako Museoen Foroaren izenean, ongietorri beroa ematen dizuet eta ekainean Bilbon elkar ikustea espero dut, gai esanguratsuen inguruan aritzeko eta ikuspegi berriak ezagutzeko.

Amina KRVAVAC

Museoen Europako Foroaren presidentea
Iurdana Acasuso

Iurdana Acasuso Atutxa

Jaun-andreok:

Duela hogei urtetik hona, Euskararen Etxea eta bertako Euskararen Interpretazio Zentroa eragile aktiboa dira euskararen sustapenean eta zabalkundean. Horrez gain, euskara biziberritzeko lanetan diharduten erakundeentzat erreferentziazko lekua izatea dute helburu. Bilbon dauude eta euskaran murgiltzeko gune aproposa dira.

Bada, 2023an, Interpretazio Zentroa erabat birmoldatu zen, zentzumenetan oinarritutako ikuspegi berri bat eta esperientzia berritzaile bat eskaintzeko asmoz, bai tokiko herritarrentzat, bai gainerako bisitarientzat.
Erakusketa berriak hizkuntzaren bizi-indarra erakusten du, bere izaera integratzailea nabarmentzen du eta bere biziraupena, sustapena eta garapena aniztasunaren zaintzarekin lotzen ditu.
Espazioak egituratzen eta biltzen dituen “batuketa” kontzeptuan oinarritzen da; beraz, dibertsitatearen eta kultura-aniztasunaren aldeko apustua egiten du, euskal gizartea gero eta eleanitzagoa baita. Aldi berean, hizkuntzen ikuspegi ekologikoa eta iraunkortasunaren zentzua azaltzen ditu, euskara munduko hizkuntza-aniztasunaren parte baita.
Horrekin batera, harro gaude 2025ean gure zentroaren lana nazioartean aitortu zutelako: Europako Kontseiluak urte horretako Europako Museoaren Sari ospetsua eman zigun, Urteko Europako Museoaren Sarien (EMYA) barruan. Sari horrek gure lanaren garrantzia nabarmendu du, eta euskara sustatzeko eta zabaltzeko ahaleginetan jarraitzeko hauspoa eman digu.
Halaber, sari horren harira, guretzat erronka handia izan dena egin dugu: 2026ko Europako Museoaren Sariaren urteko biltzarraren eta sari-banaketarako ekitaldiaren anfitrioi izatea. Biltzarrean, museoen sektoreko profesionalok eta kultura-eragileok museoak inklusio-guneak direla eztabaidatuko dugu, hain justu, Euskararen Etxearen helburuekin bat datorren proposamena baita.
Amaitzeko, ez dut agur esan nahi aurretik gogorarazi gabe euskarak batu egiten duela: nortasunak batzen ditu, pertsonak batzen ditu, kulturak batzen ditu.

Iurdana Acasuso Atutxa

Euskararen Etxeko zuzendaria