EMYA2026ko ERAKUNDE ANFITRIOIA

EUSKARAREN ETXEA

EUSKARAREN INTERPRETAZIO ZENTROA
Euskararen Etxeak eta bertako Euskararen Interpretazio Zentroak sarrera bat osatzen dute euskara ezagutu nahi dutenentzat. Gune aktiboa da bere hiztun komunitatearentzat eta bere biziberritze prozesuan lanean ari direnentzat. Bilbo hirian kokatuak, euskara euskaraz ezagutzeko, ikasteko, entzuteko, irakurtzeko, hausnartzeko, parte hartzeko, irribarre egiteko, maitemintzeko, abesteko, lan egiteko, elkarlanean aritzeko eta gozatzeko lekua osatzen dute.
Euskara Europako hizkuntza minorizatua bada ere, etengabe hazten ari da. Hizkuntza bizia, aktiboa, funtzionala eta erresilientea da, eta munduko hizkuntza-aniztasunaren parte da. Hizkuntzaren biziberritzearen bideragarritasunaren adibide garbia ere bada da euskara.
2023an berrituta, Euskararen Interpretazio Zentroak euskararen bizi-indarra eta aniztasuna modu ausart, dibertigarri eta irudimentsuan transmititu nahi du, baina, aldi berean, zehatz eta zientifikoan. Helburua da hiztunen zeregina nabarmentzea da, baina baita komunitateak (hiztunak eta ez-hiztunak) hizkuntza biziberritzeko prozesuan dituen inplikazio pertsonalak eta jarrera aldarrikatzea ere.
Bere programen bidez, bisitariak hizkuntzarekiko duen atxikimendua sortu eta indartu nahi du. Hizkuntzaren etorkizuna hiztunen esku dagoen ideia erein, eta hori egiteak merezi duela sinetsarazi.
Euskararen Etxeak 2025eko Europako Kontseiluaren Museo Saria jaso zuen.

ERAKUSKETA

Euskararen Etxea 2004an berreraikitako eraikina da, Euskararen Interpretazio Zentroari leku emateko eta euskara indartzen diharduten erakundeentzat erreferentziazko tokia izateko. Bere egitekoa euskara sustatzea eta zabaltzea da. Interpretazio Zentroa erabat birmoldatu zen 2023an, zentzumenetan oinarritutako ikuspegi berri bat eta esperientzia berritzaile bat eskaintzeko, bai tokiko herritarrentzat, bai gainerako bisitarientzat.
Erakusketa berriak hizkuntzaren bizi-indarra erakusten du, bere izaera integratzailea nabarmentzen du eta bere biziraupena, sustapena eta garapena aniztasunaren zaintzarekin lotzen ditu.
Birmoldaketa hori “batu” kontzeptuan oinarritzen da. Kontzeptu horrek espazioak egituratzen eta biltzen ditu. Euskarak batu egiten du. Identitateak, gizabanakoak eta kulturak batzen ditu. Euskararen Interpretazio Zentroak aniztasunaren eta kultura-aniztasunaren aldeko apustua egiten du, euskal gizartea gero eta eleanitzagoa dela ulertuta. Aldi berean, hizkuntzen ikuspegi ekologikoa eta iraunkortasunaren zentzua bermatzen ditu, euskara munduko hizkuntza-aniztasunaren parte baita.
Euskararen Etxea eta bere Euskararen Interpretazio Zentroaren erronka nagusietako bat elkarbizitza linguistikoa sustatzea da, hizkuntzen eta identitateen arteko oreka harmonikoa lortzea lagungarria baita gizarte-kohesiorako.
Erakusketak ez du hizkuntza ardatz, pertsonak baizik. Hizkuntzak hitz egiten dituztenen ahotan bizi dira. Hiztunik gabe, hizkuntza bat ezin da existitu. Euskara hizkuntza hitz egiten duen pertsona bakoitzean bizi da, gizabanako hori bizi den tokian bizi dela: ondasun globala da. Erabilera eta transmisioa dira hizkuntzaren biziraupenaren gakoak. Horregatik, jendearen testigantzek erakusketaren zati garrantzitsu bat hartzen dute.
Komunitate batek hizkuntza bizirik mantentzeko egiten dituen ahaleginak nabarmentzen ditu Euskararen Interpretazio Zentroak. Euskara bizirik badago, gizarteak bere berreskurapenaren aldeko apustua egin duelako da, eta, horretarako, ekimen ugari jarri dituelako martxan. Enpatia eta zabalkunde kontzeptuak giltzarri dira biziberritze horretan. Gizartea da hizkuntzaren bidea ehuntzen duen haria.
Azkenik, Euskararen Interpretazio Zentroak etorkizunaz hitz egiten du eta gizartea eraldatzen laguntzen du. Bere hezkuntza-programaren bidez, gogoeta egitera gonbidatzen ditu bisitariak, eta hizkuntzarekiko atxikimendua indartzen eta haiengan jarrera positiboa eta proaktiboa sortzen ahalegintzen da. Asmoa da euskara maitatzeak dakartzan balio positiboak nabarmentzea, hala nola, gure planetaren kultura-aniztasunari egiten dion ekarpena, erresilientzia eta edertasuna, baina baita euskara partekatzeak, ikasteak eta erabiltzeak eragiten duen poza ere.

Euskararen Etxea